XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, Docek ezin izan zuen zehatz-mehatz jakin zerk kezkatzen zuen.

Bungalowa aukeratzean luzamendutan ibili zen eta, azkenean, patio bukaerakoa hartu zuen.

Eta arriskua somatu arren, bere susmoaren iturria zein zen hatzemateko egiten ari zen eginahal guziak alferrekoak zirela ohartu zen.

Patiotik atera zen, txoferrari bungalowaren zenbakia zein zen erran eta hogei dolarreko bilete bat eman zion, oilaskoa birendako, zigarroak eta kafea eskatuz.

Txoferrak agur egin eta presaka alde egin zuen.

Doc eta Carol bungalow ilara luzean beheiti joan ziren, azkenekoraino iritsi arte.

Docek atea ideki eta argia izeki zuen.

Carolek gortinak beheititu zituen, gero, airean egindako jauzi baten ondoan, ohatze gainean erori zen, zangoak goiti mugituz.

- Hi, motel! -hats hartu zuen.

Zeinen ongi dagoen hau! -gero, Doci behatz batez keinu eginaz, erantsi zuen: Hi, hator hona! Berehala!

Docek pausu bat eman zuen harengana eta seko gelditu zen, kopeta goibeldurik.

- Entzun! Ez dun deus aditzen?

- 0, Doc, mesedez! Noski baietz.

Patioan pertsona bakarrak gu izatea nahi duk ala?

Docek kopetilun begiratu zion, baina gogoa ez zuen bertan.

Carol ohatzetik jeiki eta besarkatu egin zuen.

Haren kontra estutu zuen.

Ez ote zen hura elkarrekin pasatuko zuten lehenbiziko gaua?

Ez zen oroitzen? Lau urte luzeren ondoko lehenbiziko gaua.

Beraz, txotxolokeriak eta zapuzkeriak alde batera utziko ote zituen, eta...